Castellano | Euskera | English | Français

Aizkorri, Done Jakue bidea



Aizkorri-Aratz mendilerroak Atlantikoko eta Mediterraneoko isurialdeen banalerroko mendirik garaienak ditu (Aitxuri, 1.551 m). Horiek gailurreria ederra osatzen dute eta erreferente dira euskal mendigoizaleentzat. Duela gutxi izendatu dute parke natural, eta, guztira, 16.000 hektarea ditu naturguneak.

Geologiaren eta paisaiaren ikuspuntutik, bi inguru bereiz daitezke argi eta garbi: batetik, kareharrizko gailur malkartsuak daude, eta oinetan larrez betetako lautadak dituzte, Urbia esaterako. Bestetik, landarediak estaltzen dituen muino eta mendixka silizeoak daude.

 Kareharrizko mendigune honetan azpimarratzeko modukoak dira fenomeno karstikoak; lapiaz-zelaiak, torkak, dolinak eta hamaika haitzulo, (Leze, esate baterako). Horietako askotan, historiaurreko aztarnategiak eta aztarnategi paleontologikoak aurkitu dituzte: Arrikrutz eta Aizkirrinen, adibidez, lehoi eta leize-hartzaren arrastoak daude. San Adriango tunela ere aipatu behar dugu. Haitzulo naturala da eta, antzina, Gipuzkoa eta Araba lotzen zituen pasabide garrantzitsua zen. Handik igarotzen da erromatarrek egindako galtzada eta Donejakue Bidea. Horrez gainera, aztarnategi, dolmen, tumulu eta monolito asko daude aire librean, eta naturgunearen inguruan ondare historiko eta arkitektoniko bikaina nabarmendu behar da, Arantzazuko Santutegia eta Oñati herria bera, besteak beste.

Zuhaitzik gabeko lur-eremu handiak daude eta aziendarako erabiltzen dituzte. Aizkorrin ohikoa da ardi latxak goiko larreetan bazkatzen ikustea, udaberritik udazken bukaera arte. 

Bestalde, zerura begiratuz gero, hegazti harrapariak (belatz handia, sai arrea, arrano txikia...) eta baso zein mendietakoak ikus ditzakegu. Garaiera handietan dauden erreka eta urmaeletan hainbat anfibio bizi dira, gailurretako uhandrea horien artean, eta, ugaztunei dagokienez, azpimarratzekoak dira basakatua eta lepahoria, desagertzeko zorian dagoen mustelidoen familiako ugaztun karniboroa.

Flora aberastasun handia dago naturgunean. Basoetan pagadi kaltzikolak eta azidofiloak, ameztiak eta haritz kandudunak (Urkilla-Elgean, Arabako aldean), kandugabeak eta kaltzikolak aurki daitezke. Horrez gainera, badaude landaredia berezia duten inguruak, Arbarrain (Altzaniako mendiak) esate baterako. Kareharrizko gailurretan eta lapiaz-eremuetan hazten den flora ere aipatzeko modukoa da.
 

Más información sobre la Actividad